XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) hirugarrenez irakurtzen zuen liburua eta baso bat ur lagun zituela, lurrean belaunikaturik, askariaren gosez eta oharkabean isuritako malkoa mukizapi baten gardentasunean pausatuz, ttantta nimiño hori zapian nola hedatzen den ikertuz.

Ez baitzuen bestelako zereginik.

Egotea.

Hori besterik ez.

Egotea.

Lau pareta ilun haien babesean, malenkoniaz garrasi egiten zuen isiltasunaren kerua dastatuz, usu geldi geratzen zen lurrean eserita.

Budista bailitzan.

Egoera hark sortzen zion sosegu irrealaz gozatuz.

Handik at gerta zitekeen guztiari muzin eginez, batere axola izango ez balio legez.

Pentsamenduen morroi.

Begiak indartsu ixten zituen, gero betazalek lapurtzen zioten argiari so egin nahi izateko.

Iluntasunean printza bat aurkitu nahirik, harantz eta honantz, oro arakatuz.

Berak sorturiko gau partikular hartan, ordea, ez zen izarrik, ezta ilargirik ere.

Baina, emakumeak bila ziharduen, luze baino lehen bidea argitu ahal izango zion lastargiaren bila.

Bazekien trabak besterik ez zituela topatuko emango zuen pauso bakoitzean.

Zaila.

Ez baitzen batere erraza bere buruari proposatu zion hura gauzatzea.

Baina, gosez dagoenak ogi-kozkor bategatik emango lukeen oro bazuen andreak.

Ez zitzaion falta balentriarik, itxaropenik, grinarik...

Guztiak zituen erosketa-kanpazean sarturik, ez zitzaion ezer falta.

Prest zegoen.

Dasta zitzakeen ondorioei so egitea ere ez zitzaion ahantzi.

Honek beldurtzen zuen.

Izan ere, ondorio posibleak sokaren mutur banakoak direnean edonor beldurtzen da.

Estremismoa ez baitzaio inori laket kontu hauetan.

Erdibideko zerbait lortzea zuen amets, edo aukeran jarriko baliote mutur egokia hautatuko luke.

Izan ere, ongi irtenez gero, bizi osorako izango litzateke zoriontsu.

Erraz esaten da.

Mingaina astintzea errazegi baita.

Bizi guztirako zoriontsu.

Ez da